Euskaraz Bizi egun arrakastatsua izan zuten larunbatean Uribarrin

Iturria: Bilboko Branka

Iragan larunbatean, ekainaren 16an, Euskaraz Bizi Eguna ospatu zuten Uribarrin. Goizean auzoko ‘Euskaldunon I. Asanblada’ egin zuten 20 bat lagunek, Uribarriko plazaren erdian. Bertan bi lan talde osatu zituzten “arlo ezberdinen inguruan aritzeko, hala nola, auzoan euskaraz bizitzeko zailtasunak eta aukerak, euskaraz sorturiko agenda kulturala, euskaldunon sarea eta topagune fisikoa”, esaterako.

Uribarriko euskaltzaleek diotenez, “ideia polit eta probetxugarriak atera ziren bertatik”, laster auzokideei esker forma eta edukia hartuko dutenak.

Ondoren, poteoa egin zuten auzotik triki eta panderoarekin lagunduta, “ Euskal Herriko tradizio zaharrak markatzen duen gisara”. Eguraldiak txarrera egin zuenez muntaia guztia toki estali batera aldatu behar izan zuten baina oso pozik agertu dira ekimenak auzoan izandako harrerarekin. Izan ere, 60 lagun inguru bildu ziren bazkarian eta “tripa bapo bete ondoren” goizeko asanbladatik ateratako ideia nagusiekin murala margotzeari ekin zioten.

Arratsalde partean jende gehiago hurbildu zen Euskara Egunera, eta eguna “giro ezin hobean bukatzeko” Castañoseko “Let hotsak” erromeriarekin kantuan eta dantzan aritu ziren.

Guardia Zibilaren jazarpena

Antolatzaileek salatu dutenez, ospakizunaren bezperan furgonetan batekin prestaketa lanetan ziharduten lagunak gelditu eta identifikarazi zituen Guardia Zibilak. Halere, “izorratzeko saiakera, saiakera hutsean geratu zen” muntaiarekin amaitu eta berehala “Euskaldunon lehenengo asanblada” egin baitzuten.

Leave a Reply

*