Epaileak Kukutza botatzeko baimena eman du

Epaileak Cabisa enpresa eta Bilboko Udalaren argudioei kasu egin eta baimena eman du Bilboko Errekalde auzoko Kukutza III gaztetxea botatzeko. Kukutzako Asanbladak bi deialdi egin dizkie auzokide eta sostengu emaileei. Lehenengoan, ahalik eta lasterren gaztetxera hurbil daitezela eskatu die. Bigarrenean, 20:00etan Errekalden manifestazioa izango dela gogoratu dute. Epaileak bertan behera utzi du beraz, Errekaldeberriz auzo elkarteak eraikina eraistearen aurka jarritako helegitea. Horren arabera, eraikinaren jabea den Cabisa enpresari, 2004an iraungi zitzaion Kukutza dagoen lurretan eraikitzeko epea, Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) arabera. Bitartean, gaur Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearen arabera, Kukutza gaztetxearen eraikina udal-plangintzak babestea aurreikusten dituen eraikinen artean jasota dago. Era berean, Kukutzaz txosten bat osatzen ari dela zabaldu du Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak.

Leave a Reply

*