Kukutza gaztetxearen oharra: “Erantzukizunak Azkunari, Jaurlaritzari eta Cabisari”

kukutza-desalojoa

Argazkian, Ertzaintzaren tanketa gaztetxeko ate nagusia apurtzen, goizean / © Bilboko Branka.

Goizaldeko 5etan iritsi dira Azkunaren furgonetak Errekaldera, bideak moztu, Kukutza inguratu eta bortizki kargatu dute Kukutzaren alde hurbildu diren auzokideen aurka. Kargak, borra kolpeak, tanketa gaztetxearen kontra, auzokideei datuak eskatu eta zitazioak egin… horrelako jarrera izan dute hasiera batetik, esaterako, umeak eskolara joan orduko ere ez diote kargak botatzeari utzi. Erabateko zabaltze poliziala dugu Kukutzan eta auzo osoan, karga polizialak etengabe jendea, komertzio, etxe eta anbulatorioaren aurka.

Geure bozeramailea bortizki jipoitu dute negoziatzen saiatu denean, abokatua ere hirutan jipoitu dute eta oraindik ez du lortu ertzainekin hitz egitea. Taberna batean erretenituta dagoelako, ez dute bertatik ateratzen uzten, ez dute inor kalean egoten uzten. Ez dakigu beraz, zenbat atxilotu dauden, ez dutelako gure abokatuarekin hitz egiteko eskubiderik. Ez dugu ezertaz hitz egiteko aukerarik izan.

Eraikinaren hustuketari dagokionez, barnera gasak bota dituztela badakigu eusten ari direnen egoera larrituz, uste dugu 50 bat lagun daudela barruan. Ez baitakigu zenbat kanporatu edota atxilotu dituzten. Garabi batekin etorri dira eraikinera goitik sartzeko, ezin izan dute eta beste bat ekarri dute, orain helikoptero bat ari da Errekalden zehar.

Poliziaren jarrera bortitza salatu nahi dugu Kukutzatik, eta erantzukizunak eskatu Bilboko alkateri, Eusko Jaularitzari eta baita Cabisari ere. Bai Errekalde auzoan gertatzen ari den guzti honengatik eta baita Kukutza III bezalako proiektu emankor honen txikizioa eragin nahi izateagatik. Aski da!!!! Hau onartezina da!!! Alde hemendik eta eraman zuen biolentzia guzti hau!

Bost ordu egin ditugu etorri direnetik eta kukutzak zutik dirau. Hemendik deialdi bat egiten dugu ahal bezain jende gehien hurbiltzeko gaztetxetik ahalik eta hurbilen.

5etan manifestaldi bat eginen dugu auzo elkarteak deiturik Ametzolan hasita.

Kukutzatik ez dira pasako!

Leave a Reply

*