Euskaraz Bizi eguna 2014 Gasteizen! (Apirilak 5)

EBE2014_Nag_egitaraua_WEB[1]

Apirilaren 5erako deitu du aurten Euskal Herrian Euskaraz-ek Euskaraz Bizi eguna. Urtero moduan, euskaldunok euskaraz bizi nahia aldarrikatzeko eguna izango da eta ondo pasatzeko aukera ere izango dugu. Gasteizen izango da oraingoan; bilbotarrok erraz izango dugu, beraz, bertaratzea.

Egitaraua, goizetik hasiko da, Porrotxek 11etan botako duen txupinarekin. Eguerdian herri bazkaria izango dugu eta, arratsaldeko 6etan, Andra Mari Zuritik, nazio manifestazioa abiatuko da. Egun osoan izango da kale animazioa eta, arratsaldeko 8etatik aurrera, kontzertuak ere egongo dira.

Aldarrikapena eta jaia uztartzeko aukera bikaina dugu euskaltzaleok, beraz, apirilaren 5erako. Eta hor ikusiko gaituzu Hau Pittu Hau konpartsako hainbat kide ere, betiko moduan, euskaraz biziz.

Apirilaren 5ean Gasteizen elkar ikusiko dugulakoan, ondo segi eta… bizi euskaraz!!

Euskararen zapalkuntzaren gaineko hitzaldiak datorren astean Bilbon

Jardunaldiok martxoaren 19an eta 20an egingo dira, La Bolsa jauregian, 19:00etan hasita.  Lehenengo egunean Dabid Anautek egingo du berba. Anaut ‘Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria’ liburuaren egilea da eta berau aurkeztuko du. Sarrera gisa Kontseiluko idazkari nagusia den Paul Bilbaok hitz egingo du.

Bigarren egunean, ostera, ‘hizkuntza zapalkuntza eta erresistentzia Bilbon eta Bizkaian’  jorratuko da. Hizlari Maria Angeles Garai, Bilboko gerra osteko lehenengo andereñoa, Iñaki Gaminde, EHUko irakaslea, eta Xabier Amuriza bertsolari eta idazlea arituko dira.

Hitzaldi guztiak euskaraz izango dira.

Euskararen kate hautsiak

Euskal Memoriak abenduan kaleratu zuen ‘Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria’ liburua. Bertan, fundazioak datuak eta testigantzak batu ditu, ugari, Euskal Herriko zazpi herrialdeetakoak. Elkarteak jakinarazi duenez, “1866an euskal herritar guztietatik erdiak baino gehiago euskaldunak ziren. 1996an, 130 urte geroago, %27,6”. Gainbehera hori ez zen prozesu naturala izan, “hizkuntza zaharra mundu modernoaren beharretara egokitu ezina. Alderantziz, euskararen eta herritarren hizkuntza eskubideen kontrako eraso bortitzaren emaitza da”.

Euskal Memoriak nabarmendu duenez, “eraso horrek hamaika aurpegi eduki ditu: debekuak, isunak, mespretxua… Une batez euskararen katea hautsi zen. Kalte handia eragin zuen zapalkuntzak, euskararen etorkizuna kinka larrian paratu arte”. Baina ez zuen eta ez du helburua lortu. !Hizkuntzaren aldeko mugimendua eta kontzientzia iratzarri zen eta, oztopoak oztopo, euskarak bizirik dirau” gogoratu dute antolatzaileek.

 

Iturria: uriola.info

Edonon, edonoiz, edonorekin… geure tresna euskara!

Ostegunetik Bilbo Inauterietan murgilduta dago, eta larunbatean izan da desfilea. Aurten bai… Kale Nagusitik! alkatearen mehatxuak mehatxu.IMG_20140228_212650868[1]

 

Euria eta euria egin duen arren, goizean goizetik konpartsakideok egoitzan batuz joan gara, mozorroei azken ukituak emateko. Giro ederrean, 20 bat lagunek bazkaldu dugu, geure “txef”-ek prestatutako entsalada eta patatak makailuarekin. Eta azkenik arratsaldeko 6etan Kale Nagusian batu gara, euripean.

 

IMG_20140301_151041541[1]

Eguraldi kaxkarrari aurre egin diogu konpartsakideok, Gadget inspektorez mozorrotuta. Geure aurtengo leloa “Edonon, edonoiz, edonorekin… geure tresna, euskara!” zabalduz eta praktikan jarriz, gadgetoeuskaraz “armatu” gara konpartsakideok.

 

 

 

Inauterietan eta urte osoan, geure jaiak eta Bilbo euskalduntzeko tresna euskara dugu, erabili dezagun! Geu euskaraz bizi gara… eta zu?IMG_20140301_183109384[1]