Euskararen zapalkuntzaren gaineko hitzaldiak datorren astean Bilbon

Jardunaldiok martxoaren 19an eta 20an egingo dira, La Bolsa jauregian, 19:00etan hasita.  Lehenengo egunean Dabid Anautek egingo du berba. Anaut ‘Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria’ liburuaren egilea da eta berau aurkeztuko du. Sarrera gisa Kontseiluko idazkari nagusia den Paul Bilbaok hitz egingo du.

Bigarren egunean, ostera, ‘hizkuntza zapalkuntza eta erresistentzia Bilbon eta Bizkaian’  jorratuko da. Hizlari Maria Angeles Garai, Bilboko gerra osteko lehenengo andereñoa, Iñaki Gaminde, EHUko irakaslea, eta Xabier Amuriza bertsolari eta idazlea arituko dira.

Hitzaldi guztiak euskaraz izango dira.

Euskararen kate hautsiak

Euskal Memoriak abenduan kaleratu zuen ‘Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria’ liburua. Bertan, fundazioak datuak eta testigantzak batu ditu, ugari, Euskal Herriko zazpi herrialdeetakoak. Elkarteak jakinarazi duenez, “1866an euskal herritar guztietatik erdiak baino gehiago euskaldunak ziren. 1996an, 130 urte geroago, %27,6”. Gainbehera hori ez zen prozesu naturala izan, “hizkuntza zaharra mundu modernoaren beharretara egokitu ezina. Alderantziz, euskararen eta herritarren hizkuntza eskubideen kontrako eraso bortitzaren emaitza da”.

Euskal Memoriak nabarmendu duenez, “eraso horrek hamaika aurpegi eduki ditu: debekuak, isunak, mespretxua… Une batez euskararen katea hautsi zen. Kalte handia eragin zuen zapalkuntzak, euskararen etorkizuna kinka larrian paratu arte”. Baina ez zuen eta ez du helburua lortu. !Hizkuntzaren aldeko mugimendua eta kontzientzia iratzarri zen eta, oztopoak oztopo, euskarak bizirik dirau” gogoratu dute antolatzaileek.

 

Iturria: uriola.info

Leave a Reply

*