Inauterietan ere, euskaraz bizi!

Urtero bezala, aurten ere Hau Pittu Hau konpartsako kideok Inauterietako ekitaldietan parte hartuko dugu. Egitaraua planez gainezka dator eta aspertzeko astirik ez dugu izango datozen egunotan.

Inauteriei hasiera emateko, ostegunean Farolin eta Zaranbolas-en epaiketa eta Trapu Zaharren kalejira izango dugu Zazpi Kaleetatik. Ostiralean, berriz, Bilbo Kantarin parte hartuko dugu; izan ere, hilabete honetan data aldatu egin da, Inauterietako egitarauaren barruan sartzeko.

Baina Inauterietako ekitaldirik ezagunena, desfilea dugu. Larunbatean izango da eta, aurten, berezia izango da.  Hamar urteren ostean, azkenean Bilbokoargazk Konpartsok Inauterietako desfilerako dagokigun lekua, Kale Nagusia, berreskuratu dugu.  Inauterietako desfile herrikoi eta parte hartzailea, bilbotar guztiona, herritarrok osatutako 50 taldeko baino gehiagok parte hartzen duen desfilea, azkenean Kale Nagusira bueltatzea lortu dugu.

Igandean, indaba lehiaketa eta Zuberoako maskarada izango ditugu Zazpi Kaleetan, eta Inauteriak amaitzeko, sardinaren erreketa izango da asteartean.

Konpartsakideok bagabiltza, azken asteotan, Inauterietako mozorroak  prestatzen, desfilerako koreografia entsaiatzen, prestaketetan murgilduta, giro onean eta, noski, euskaraz biziz. Jaietan, Inauterietan, zein urte osoan zehar, gu euskaraz bizi gara.

Eta zeuk ere euskaraz bizi nahi baduzu, geure konpartsa zeurea ere bada!  Inauterietan, jaietan, zein urteko sasoi guztietan ere, bizi euskaraz!

 

Uriola.info-ren aurkezpena Kafe Antzokian

uriolaBilboko euskal komunikabideak biltzen dituen Uriola.info plataforma aurkeztuko dute bihar, 19:00etan Bilboko Kafe Antzokian. Mota guztietako gaur-gaurko gaien berri emateko sortu dute Uriola.info: kirola, ekonomia, kultura,politika eta baita udal gaien inguruko informazioa ere. Horrez gain, Bilboko eta inguruko jaien berri ere emango du.

Lanean hasia da, eta, besteak beste, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu Uriola.info-k, horien artean: agenda, eguraldia, iragarkiak, zorion agurrak eta eskelak jartzeko aukera emango du. Twitter eta Facebook bitartez ere kasu egin ahal izango zaio Bilboko euskal komunikabideak biltzen dituen plataformari.

Lur Mallea plataformako kideari egindako elkarrizketa BERRIAn, hemen.

Iturria: berria.info

Eskola euskalduna aldarrikatu dute menpekotasunean oinarritutako elkarbizitzaren aurrean

Izquierda-Ezkerra koalizioak bultzatuta, euskaldunon menpekotasunean oinarritutako elkarbizitzaren alde egin zuen Nafarroako Parlamentuak. Ikastetxeetan eredu ezberdinetako ikasleek batera jardutea adostu zuten. Eredu ezberdinetako ikasleen arteko elkarbizitza halabeharrez gazteleraz izango dela iritzita, ekimena egin zuen atzo EHEk neurri honen bultzatzaile izan den koalizioaren egoitzaren atarian. Izquierda-Ezkerrak murgiltzen ereduaren kontra egin duela gaitzetsi eta iruzurra begibistan uzten duen galdera bota zuten: “”Euskaraz dakienaren eta ez dakienaren arteko ‘bizikidetza’ zein hizkuntzatan izango da?”. Euskaldunon menpekotasuna gainditzeko, euskal curriculumaren baitan ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen eskola euskalduna aldarrikatu zuen EHEk.

EHEk eskola euskalduna aldarrikatu du euskaldunon menpekotasunean oinarritutako elkarbizitzaren aurrean

Iragan urtarrilaren 9ko Nafar Parlamentuko osoko bilkuran hizkuntza eredu ezberdinetako ikasleen arteko elkarbizitza sustatzeko neurriak hartzea eskatu zuen Izquierda-Ezkerra koalizioak. Egun ikastetxe ezberdinetan ematen diren ereduak ikastetxe berean kokatzea eskatzen zuen ebazpenak aurrera egin zuen Izquierda-Ezkerra, UPN, PPN, PSN eta Geroa Baiko hautetsien babesarekin.

Ebazpen horren ondorioz jada aski urriak diren euskararen arnasguneak murriztu eta sustatu nahi ei den ustezko elkarbizitza hori halabeharrez gazteleraz izango dela ulertuta, EHEk ekimena egin zuen atzo eguerdian. Finean, iniziatiba parlamentarioaren bultzatzaile izan den koalizioa osatzen duten alderdien egoitzetako atarietan panel batzuk jarri eta ebazpenaren inguruko irakurketa jasotzen zituen esku-orriak banatu zituzten “Guk, eskola euskalduna!” lelodun petoa zeramaten EHEko dozena erdi kidek. Aipatu paneletan bi mezu ageri ziren: “Izquierda-Ezkerrak murgiltze eredua indargabetzen du” eta “Euskaraz dakienaren eta ez dakienaren arteko ‘bizikidetza’ zein hizkuntzatan izango da?”.

Ekimen honen bidez ikasleak euskal curriculumaren baitan eta euskaldun eleanitz gisara heziko dituen eskola euskaldunaren alde egin nahi izan da eragile euskaltzaletik.

 

Iturria: Zuzeu.com