Abenduaren 3a: Euskararen Nazioarteko Eguna

Urte asko pasatu dira Argentinako diasporako euskaldunek 1949an lehen euskara eguna antolatu zutenetik. Aurten, urtero bezala, hamaika ospakizun izango dira munduan zehar diasporako euskaldunek antolatuta eta munduko bazter horietan guztietan ezezik, Bilbon ere kalera irtengo gara euskara jantzi eta erabili lelopean. Zoritxarrez, oraindik ez gaitezke ospakizun hutsetara mugatu harik eta etxean, kalean, lanean, aisialdian eta udaleko plenoetan ere euskara normaltasun osoz jantzi eta erabili arte. Nork bere ardura hartu behar du. Administrazioek ere, Bilboko Udalak kasu, artez egin behar dute jostun lana neurri egokiak hartuz, behar besteko laguntza emanez eta benetako normalizaziora eramango gaituen sustapen lana eginez. Bestalde, euskaldunok egunero jantzi beharreko jantzia dugu euskara, ez okazio berezietan soilik; eta, bide batez, armairuan begiratuta, jantzirik ez badugu, edo daukaguna eskasa baldin bada, euskaltegira hurbiltzea daukagu.

Eta horren harira gatozkizue Bilboko Plaza Barrian eta Zazpi Kaleetan aurtengo Euskararen nazioarteko Egunerako antolatu dugun ekitaldiaren berri ematera. Gure eta nahi duen ororen egunerokotasunaren isla izango den ekitaldi xumea:

Arratsaldeko bostetan hasita, umeentzako puzgarri eta jolasak izango dira; zazpietan  musikaz beteko dugu Plaza Barria. Zazpi eta erdietan Euskaltzaindiaren egoitzatik aurtengo “Euskararen Pregoia” entzuteko parada izango dugu Athletic-eko jokalari eta euskararen sustatzaile den Koikili Lertxundiren eskutik. Bien bitartean bertsolariak, Bilboko zenbait abesbatza, dantzari eta musikari ere bertan izango dira. Ondoren, 3 kalejiratan banaturik, jai giroa izango dugu Zazpi Kaleetan barna. Amaitzeko, gaueko hamarretan BertsoRastAfaria  izango da 7 katun.

Ondoko zerrendan gaituzu antolaketan ibili izan garenok, baina zu zeu zara aktore eta protagonista. Badakizu, beraz, abenduaren 3an, eta urteko beste egun guztietan ere, EUSKARA JANTZI ETA ERABILI!

AEK, ALGARA, BERBAIZU, BILBO HIRIA IRRATIA, EHE, HAU PITTU HAU, SORTZEN IKASBATUAZ, TTANTTAKA, ZENBAT GARA, ALTXAPORRU eta BILBOKO BESTE ZENBAIT KONPARTSA, 7 KATU…
Laguntzaileak: Bilbao Musika Eskolako ikasleak eta irakasleak, Gaztedi, Ximelgorri aisialdi taldea…